Minusbaliatuak Gizarteratzeko Legea: Minusbaliatuen gizarteratzeari buruzko 13/82 Legeak 38.1 artikuluan ezartzen du berrogeita hamar langile finko baino gehiago dituzten enpresa publiko eta pribatuek gutxieneko minusbaliatu kopuru bati lana eman beharko dietela (gutxienez, langile guztien % 2).
Langile desgaituak hartu behar dituzten enpresak aurreko betebeharretik libre egon daitezke bi kasu berezitan, 27/2000 EDn, urtarrilaren 14koan, arautzen diren ordezko neurri batzuen arabera.
Lehenengo kasua enplegu publikoko zerbitzuak, edo enplegu agentziek, enpresaren eskaintza betetzeko pertsona desgaiturik ez dutenean gertatzen da. Bigarren aukera langile desgaituak lanarekiko interesik ez izatea edo ezin gauzatu izatea da.
Enplegu zentro berezien araudia: Minusbaliatuen gizarteratzeari buruzko apirilaren 7ko 13/82 Legearen 42. artikuluan zehaztutako enplegu zentro berezien araudia onartzen duen abenduaren 4ko 2273/85 Errege Dekretua.
1368/1985 Errege Dekretua, uztailaren 17koa, enplegu zentro berezietan lan egiten duten minusbaliatuen laneko harreman berezia arautzen duena.
Lege horren arabera, beren minusbaliotasunaren izaeragatik edo ondorioengatik, aldi baterako edo betiko, ohiko baldintzetan lan egin ezin duten minusbaliatuei lana eman behar zaie enplegu zentro berezietan, beren lanerako gaitasuna ohiko gaitasunaren portzentaje baten berdina edo handiagoa denean. Portzentaje hori enplegu zentro berezietan lan egiten duten minusbaliatuen laneko harreman berezia ezartzen duen arauak zehaztuko du.
27/2000 Errege Dekretua: dekretu horren bidez 50 langile edo gehiago dituzten enpresetan langile desgaituentzako erreserbatutako % 2ko kuota ez betetzeko aukerako neurri ezohikoak ezartzen dira.
Lan taldeak: Otsailaren 21eko BOEn 290/2004 Errege Dekretua, otsailaren 20koa, dago argitaratuta. Dekretu horrek pertsona desgaituen enplegua sustatzeko neurri gisa funtzionatzen duten lan taldeak arautzen ditu.
Pertsona desgaituen enplegu tasa baxua dela eta, gobernuak eta CERMIk gizarteko talde horren jarduerarik ezaren eta langabeziaren aurka borroka egiten lagunduko duten neurri bereziak hartzea erabaki zuten. Neurri horietako bat lan taldeak sustatzea da.
Lan taldeen helburua ohiko lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten langile desgaituak lan munduan hobeto txertatzea da. Horretarako, talde horiek zentroetako enplegu aukerak zabaltzeko eta zentro bereziko enplegu babestutik ohiko enplegura igarotzeko neurri erabilgarriak dira.
Langile desgaituentzako, enplegu zentro berezientzako eta enpresa kolaboratzaileentzako abantailak eskaintzen ditu.
Enplegu babestua: 870/2007 Errege Dekretua, uztailaren 2koa, enplegu babestuaren programa arautzen duena, pertsona desgaituak ohiko lan merkatuan sartzea bultzatzeko neurri gisa.
Minusbaliotasun ezberdinak daudenez, pertsona desgaituen taldearen barnean ekintza positibotzat har daitezkeen neurri espezifikoak hartu behar dira, hau da, lan munduan sartzeko zailtasun gehiago dituzten langile desgaitu talde horien enplegagarritasuna suspertzeko tratamendu indartsu eta bereiziagoak.
Minusbaliotasun handia duten pertsonak ohiko lan merkatuan txertatzen lagun dezakeen neurri horietako bat enplegu babestua da. Enplegu mota hori bereizitako orientazio eta laguntza jarduera multzo batean datza. Laguntza hori laneko prestatzaileek ematen diete, lanpostuan bertan, lan munduan sartzeko zailtasun bereziak dituzten eta beren jarduera ohiko lan merkatuko enpresa normalizatuetan, antzeko lanpostuak dituzten gainontzeko langileen antzeko baldintzetan, egiten duten langile desgaituei.
Erretiro aurreratua: 1539/2003 Errege Dekretuak, abenduaren 5ekoak, ezarritakoa.
Errege Dekretu horren arabera, erretiroa hartzeko ezarritako ohiko adinari (65 urte) modu eraginkorrean lan egindako denborari ondorengo koefizienteak aplikatuta ateratzen den urte kopurua kenduko zaio: 0,25 ehuneko 65eko edo gehiagoko minusbaliotasuna duten langileen kasuan eta, langileak eguneroko bizitzako ekintzak egiteko beste pertsona baten laguntza behar izanez gero, ehuneko 0,50.
Laguntzak arautzen dituen ministro agindua: minusbaliatuak enplegu eta lan autonomoko zentro berezietan sartzea sustatzera bideratutako diru laguntzak eta bestelako laguntza publikoak emateko oinarri arautzaileak ezartzen dituena.
1986ko otsailaren 21eko Aginduak (27ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) enpleguaren sorrera bultzatzeko diru laguntzak eta bestelako laguntzak ezarri zituen, hainbat programatan banatuta. Horien artean, minusbaliatuak enplegu eta lan autonomoko zentro berezietan sartzeko laguntza sartzen da. Abenduaren 5eko 2539/1986 Errege Dekretuaren bidez (17ko Estatuko Aldizkari Ofiziala), laguntza horiek kudeatzeko gaitasuna Enpleguko Institutu Nazionaleko (EIN) Enplegua Sustatzeko Zuzendariordetza Nagusiari eman zitzaion.
Sektore Publikoko Kontratuen Legea: Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legeak sektore publikoko erakundeen esku uzten ditu kontratuen adjudikazioan irizpide sozialak sartzeko hainbat tresna.
Legeak sektore publikoko erakunde guztiei eragiten die: Estatuko administrazio zentrala, euskal autonomia administrazioa, foru diputazioak, udalak, mankomunitateak, institutu publikoak, erakunde autonomoak eta elkarte publikoak.
Gizarte eremuko berrikuntza nagusienetakoa bere zazpigarren xedapen gehigarrian araututakoa da, diskriminazio positiboko mekanismo gisa sektore publikoko erakundeei erreserba bat ezartzeko ahalmena ematen diena, adjudikazioa enplegu zentro berezien (EZB) aldekoa izan dadin. Horren guztiaren azken helburua pertsona desgaituentzako enplegua sortzen laguntzea da.
43/2006 Lege Orokorra: Enplegua areagotzeko eta enpleguaren kalitatea hobetzeko lan merkatuaren berrikuntzarako premiazko neurriei buruzko uztailaren 9ko 12/2001 Legearen aldaketa.