Lantegi Batuak Fundazioak eta Mondragon Unibertsitateak urritasuna duten ikasleentzako beka berri batzuk sustatu dituzte

Sept, 2017

Beka horien helburua urritasuna duten ikasle eta tituludunen lan-aukerak areagotzea da. Horrela, urritasunaren ondorioz lan munduan murgiltzeko zailtasun handiagoak eduki ditzaketen pertsonek beren enplegagarritasuna hobetuko dute.

Beka horrek 6 hilabeteko praktikaldia egiteko aukera emango du, ordainduta eta lanaldi osoz (2018ko otsailaren 1etik uztailaren 30era), Lantegi Batuak-en.

Hainbat zerbitzu-motarekin(inklusioa, pertsonak, berrikuntza, dibertsifikazioa, kudeaketa edo marketina), edo jarduera-sektorerekin lotutakoak izan daitezke (industria, automozioa, elektronika, logistika, ekipamendu elektrikoa, zerbitzuak, dokumentuen kudeaketa, turismoa, ostalaritza, eta abar). Gainera, leku desberdinetan egingo dira; 22 zentroetakoren batean edo Bizkaiko zerbitzu-sare zabalean.

Eskaerak jasotzeko epea urriaren 2tik azaroaren 17ra bitartekoa izango da, eta Mondragon Unibertsitateko Errektoretzan entregatu beharko dira.

Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko erakunde pribatua da eta urritasuna duten pertsonentzako lan aukerak sortzen ditu. Gorabidek, adimen-urritasuna duten pertsonen alde lan egiten duen Bizkaiko erakundeak, sortutakoa da. 3.000 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan; horietatik 2.700ek urritasunen bat dute.

Lantegi Batuak-ek 30 urtetik gorako ibilbidea egin du dagoeneko, eta gizartea eraldatzeko tresna garrantzitsu bihurtu da. Urritasuna duten pertsonen laneratze eta gizarteratzea lortzeko, ekintzailetza eta berrikuntza ditu ardatz, beren lan arloko parte-hartzearen bidez.

Mondragon Unibertsitatea erabilgarritasun publikoko unibertsitate kooperatiba bat da, bokazio soziala duena eta irabazi asmorik gabea. Helburu nagusia gizartearen eraldaketa da, pertsonen prestakuntzaren eta ezagutzaren sorkuntza eta zabalkundearen bidez.

Urtean 4.689 ikasle aritzen dira gradu zein masterretan, eta 8.000 profesionalek egiten dute lan. Ingeniaritzak, enpresen kudeaketa, hezkuntza, ikus-entzunezko komunikazioa, ekintzailetza, gastronomia eta kooperatibismoa dira lantzen diren arloak.Arlo horietan ikerketak ere burutzen ditu unibertsitateak, enpresa eta erakundeekin elkarlanean, ezagutza zabaltzeko xedez.

www.lantegi.com

www.cienporciencapaces.com

www.mondragon.edu

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika