Indesa 2010 enplegu zentro bereziak plantilla handitzea lortu du pandemiak eragindako urtean

Abr, 2021

Indesa 2010 ekimen sozialeko enplegu zentro bereziak enpleguari eustea lortu du, bai eta plantilla “% 2 inguru” haztea ere 2020an, "covid-19ak eragindako pandemiak erabat markatutako ekitaldian". Guztira, 918 langile ditu, eta horietatik % 91k (838) desgaitasunen bat du. Hala adierazi du Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, Araban desgaitasuna duten pertsonei enplegu aukerak ematen dizkien sozietate publiko horren 2020ko ekitaldiko balantzearen laburpen gisa.

2011. urteaz geroztik, urteko batez besteko plantillaren hazkunde iraunkorra izan du sozietateak, eta pandemiaren urtean ere ez da eten. Batez besteko plantillaren kopurua 2020an, aurreko urtearekin alderatuta, 16 langile gehiago izan zen. Araban desgaitasunen bat duten pertsonen artean sortutako enplegu aukerak 34 enplegura iritsi ziren, bajengatik, ezintasun iraunkorreko egoerengatik eta erretiroengatik, besteak beste.

Indesa 2010 kapital publikoko sozietatea da, eta administrazio publikoen partaidetza du, hala nola Arabako Foru Aldundiarena (gehiena) eta lurraldeko hainbat toki erakunderena, esaterako Arabako Batzar Nagusiak eta Gasteiz, Laudio, Oion, Aiara, Arratzua-Ubarrundia eta Burgeluko udalak, bai eta Eusko Jaurlaritzarena ere. Emilio Solaren esanetan, haren helburua da “Arabako ezinduentzat kalitatezko enplegurako eta enplegu iraunkorrerako aukerak sortzea, bai arlo sozial eta ekonomikoan, bai ingurumenaren arloan, laneratzea eta gizarteratzea lortzeko, betiere, enplegu zentro berezi gisa”.

Hauexek dira haren lan arlo jada finkatuak: industria, lorezaintza, garbiketa, cateringa eta arropa garbiketa. Horrez gain, bada seigarren lan arlo bat ere, non jarduera berriak jartzen baitira martxan, hala nola Forondako Aireportuko kafetegiaren kudeaketa. Bere zazpi lantegitan egiten du lan; horietako lau Gasteiz eremuan daude, eta besteak, berriz, Laudion, Oionen eta Burgelun. Langileak 50 lantokitan banatzen dira, enplegu zentro bereziaren eta erakunde eta enpresa bezeroen lantokien artean.

Foru diputatuak azpimarratu duenez, "adimen desgaitasuna duten pertsonak Arabako lan merkatuan sartzea bereziki garrantzitsua da, enplegua lortzeko zailtasun larriak dituelako kolektibo horrek".

Indesako giza taldearen osaerari dagokionez, kolektibo nagusia desgaitasun fisikoa duten pertsonak dira (% 45,8), eta haien atzetik daude adimen desgaitasuna dutenak (% 44,41) eta zentzumen desgaitasuna dutenak (% 9,67). 2020an, "generoen arteko aldea % 4 murriztu da" enplegurako aukeran; izan ere, enplegu mugagabearen % 40 inguru emakumeei baitagokie.

Pandemia garaiko jarduera

"Joan den urtearen hasieran pandemia sortu zenez, -azaldu du foru diputatuak- pertsonak kutsaduratik babesteko segurtasun eskakizun berriak ezarri behar izan ziren, baita langileak zentroen artean banatzeko neurriak hartu ere, bajen ondoriozko langileen beharrak asetzeko eta funtsezkotzat jotzen diren zerbitzuak tinkotzeko".

Langileen herenak inguruk funtsezko sektoretzat jo direnetan egiten du lan, hau da, lehen lerroan adinekoen egoitzetan, garbiketan eta sukaldean, eta baita garbitegi industrialean ere, non ospitaleetako eta adinekoen egoitzetako arropa eta ehunkiak higienizatzen baitira. "Pertsona horiek guztiak aurrez aurre aritu ziren lanean konfinamendu aldi osoan”, Emilio Solak gaineratu duenez.

Baina, aldi berean, funtsezkoak ez ziren jarduerak eten zirenean, sozietateak aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea aktibatu behar izan zuen, eta 281 pertsonari eragin zien. Aldi horretan, Indesak "eragindako pertsonen soldatak % 100eraino osatu zituen, enplegu zentro bereziko giza taldearen erosteko ahalmena bermatzeko". Aldi baterako enplegu erregulazioko espediente egoeran edo bajan dauden langileen osagarriaren ordainsaria 334.000 eurokoa izan zen.

Etekinak ingurune ekonomiko zail batean

2020. urtea sozietatearen hamargarren urtea izan da jardunean 2010eko abenduaren 23an eratu zenetik. Ingurune ekonomiko zailean aritzea bada ere, hein handi batean lan kargari eustea lortu da, 419.410 euroko irabaziekin.

Funtsezko zerbitzuen emaileei hornitzaile gisa ematen zaizkien zerbitzuen fakturazioan izandako hazkundeak, batez ere garbiketakoak eta, bereziki, garbitegikoak, jarduera eten zaien eremuetan fakturazioaren murrizketa konpentsatu zuen, hau da, funtsezkoak ez diren zerbitzuen hornitzaileei ematen zaiena, hala nola industriari, lorezaintzari eta cateringaren zati bati.

Azkenik, Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak azpimarratu duenez, enplegu zentro bereziak "bere etekinen berrinbertsio osoa desgaitasuna duten pertsonentzako enplegu aukerak sortzera eta lehiakortasuna eta ekonomia sozialeko jarduera etengabe hobetzera bideratzen du”. Ildo horretan, 2020an, Indesak lanpostuen balorazioa egin du sozietatearen soldata taulak berregokitzeko, eta 350.000 euro inguruko eragin ekonomikoa izan du.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika