Gureak eta Elkar enpresek Usurbilen kokatuko dituzte euren jarduera nagusiak

Oct, 2018

Elkar eta Gureak euskal enpresek gaur egun Michelingo lantegiak Usurbilen hutsik duen lurzoruan kokatuko dituzte euren jarduera nagusiak, eta hori ahalbidetzen duen hirigintza-hitzarmena onartu zuen, aho batez, Usurbilgo osoko bilkurak, iraileko saioan. Gaur goizean Usurbilen egin den ekitaldian, lau erakundeotako ordezkariek hitzarmena izenpetu dute: Xabier Arregi Usurbilgo alkateak, Bertrand Touraton Michelin España eta Portugalgo Sako finantza-zuzendariak, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakariak eta Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakariak.

Xabier Arregi alkateak hona iristeko egin den bidea aipatu du. Nabarmendu duenez, Usurbilgo Udalaren helburuetako bat da espazio hutsak edo degradatuak berrerabiltzea. “Hirigintza ez-espekulatiboaren bidean, iruditzen zaigu garrantzitsua dela birgaitzea, daukaguna aprobetxatzea, eta ez hain erraz espazio berria okupatzea. Hala bada, Gureak-ek eta Elkarrek interesa azaldu eta Usurbilen zer aukera zegoen galdetu zigutenean, Michelingo lurzorua aipatu genien”, adierazi du Arregik. Hala, alkatearen esanetan, hasieratik bidelagun izan dira lau erakundeok eta lankidetza nagusitu da beste ezeren gainetik: “Jakitun ginen ez dela samurra erakundean arteko lankidetza, baina esan beharra daukat zinez aberatsa eta emankorra izan dela prozesua bera”. Gainera, Arregik azpimarratu duenez, Elkar eta Gureak Usurbilgo herriaren baloreekin bat egiten duten entitateak dira: “Nabarmentzekoa da Gureak-ek arlo sozialean, inklusibitatean egiten duen lana; Elkar Fundazioaren kasuan, puntako erreferentzia da euskararen eta euskal kulturaren zabalkundean. Nekez aurki genezakeen bazkide hoberik”.

Geroztik, lan handia egin dute elkarrekin, interes publiko eta pribatua orekatuz, ikuskera publikoa eta enpresen beharrak koordinatuz. “Denok jarri dugu guretik, denok izan dugu jarrera positiboa eta aktiboa”. Hala, hilabete luzeetako lanaren emaitza gisa, gaur hemen aurkezten dugun hitzarmena adostu da.

Hitzarmenean zehazten denez, gaur egun Michelin enpresak Usurbilen dituen lur-sailetan, bi ordenazio-area bereiziko dira: area bat Michelinek okupatzen duena da, eta bestea hutsik dagoen orubea, eta, hain zuzen ere, hor kokatuko dira jarduera berriak: Zapategi izena hartuko du. Hitzarmen urbanistikoak honako baldintzak eta konpromisoak zedarritzen ditu:

• Kontsolidatu egiten du Michelinek erabiltzen duen lurzorua, hau da, pneumatikoak fabrikatzeko erabiltzen dena. 70.096,39 m2 hartzen ditu area horrek.

• Beste arean kokatuko dira Gureak eta Elkar. 45.562 m2 ingurukoa da.

• Hitzarmenean oinarrizko hirigintza zehaztapenak jasotzen dira, gero Arauen Aldaketa Puntualean garatu eta egokituko direnak. Oinarria oso ondo zehaztuta geratzen da.

Hala, Xabier Arregik proiektu berriaren ezaugarri urbanistikoak laburbildu ditu: ez da poligono industrial itxia izango, baizik eta trama urbanoan integratuko den espazioa; erabilera desberdinak biltzen ditu; pertsonen joan-etorria bultzatzen du; irisgarritasuna, inklusibitatea eta genero ikuspegia aintzat hartzen ditu; baliabide naturalak modu harmonikoan zaintzen ditu; eta, espazio pribatuak eta publikoak orekatu egiten ditu. Haren hitzetan, proiektu berritzailea da, eta hirigintza moderno eta jasangarriaren irizpideak aintzat hartzen ditu, “ohiko errazkerietatik” ihes eginez. “Inguru degradatu bat oso modu duinean eraberritzera goaz”.

Horrenbestez, alkatea oso pozik azaldu da emaitzarekin, eta nabarmendu du proiektu honek herri mailako dimentsioa gainditzen duela eta herrialdeko dimentsioa hartzen duela. “Gutxi gorabehera, 950 lanpostu Usurbilera ekartzeaz hitz egiten ari gara”.

Bertrand Touraton Michelin España eta Portugalgo SAko finantza-zuzendariak ere hirigintza-proiektuaren ezaugarriak balioan jarri ditu: “Integrazio urbanistiko industrialaren adibide argia da proiektu hau, eta, gainera, zonaldearekin harreman estua duen bi enpresez ari gara. Horregatik, pozik gaude bi enpresa hauek gure aldamenean kokatzea erabaki dutelako eta aurrerantzean bizilagunak izango garelako”. Gainera, gogorarazi du Michelinek, 2004az geroztik, Gipuzkoan 850 lanpostu sortu dituela, eta euren nahia beti izan dela hutsik dagoen lurzoruan enplegua sortzen duten proiektuak garatzea.

Gureak eta Elkar

Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakariak, bere aldetik, Usurbilgo Udalak eta Michelinek proiektu honekiko azaldu duten jarrera ona eta laguntza eskertu nahi izan ditu, ezer baino lehen. “Lasarte-Orian ditugun eraikinak mugatuak geratu zaizkigu, eta inguru honetan aukera bila hasi ginenean, Michelinek zeuzkan lur-sailak erabilgarri zeudela jakin genuen. Lurzoru hori Usurbilgo udal mugetan dagoenez, Usurbilgo Udalaren harrera ona eta laguntza hasiera-hasieratik sentitu ditugu. Michelinek berak ere, lur horiekin zerbait egin beharra zuela-eta, Gureak-en asmoak ezagutu bezain pronto, ateak zabaldu zizkigun aurrera egin genezan”. Hala, Lasarte-Oriako tailerra hara eramatez gain, beste hainbat proiektu ere indartzeko aukera ikusi dute. Alkortak nabarmendu duenez, 5.000 gipuzkoarretik gora ari dira gaur egun euren lantokietan lanean, baina, hala eta guztiz ere, oraindik ere lan-eskaera ugari dituzte. ”Eskaera horiei erantzuteko, ezinbestekoa dugu gure aretoak berritzea, ugaritzea eta handitzea”. Baina, “ez edonon”, zehaztu du. “Honako hau oso kokagune ona da”. Orain, tramitazio urbanistiko guztia ahalik eta azkarren egitea nahiko lukeela dio, “denborarik galdu gabe”: “Badakigu Udala horretan ari dela”.

Azkena hitza hartzen Joxemari Sors Elkar Fundazioaren lehendakaria izan da, eta Elkarrek Usurbilen garatuko duen proiektua “oso garrantzitsutzat” jo du. Elkar Fundazioa liburuaren kate osoa bere baitan hartzen duen enpresa taldeak osatzen du: Fundazioko enpresen artean 121 milioi euroko negozio-zifra egin zuten 2017an eta 450 langile enplegatzen dituzte. Hala, Sorsen esanetan, kultur paradigmaren aldaketa bete-betean gaude, eta euskara eta euskal kulturari erantzun sendoa eman nahi bazaio, azpiegiturak garatzen jarraitu behar dutela nabarmendu du: “Berritzen jarraitu behar dugu, ekonomia eta kultura uztartuz, industria kulturala sendotuz”. Zentzu horretan, Sorsen arabera, helburu horiei erantzuteko, behar-beharrezkoa zaio Elkar Fundazioari Usurbilen egingo duen inbertsioa, “azpiegiturak modernizatu eta XXI.mendeko beharretara egokitu behar baitu, aurreko mendetik osatuz joan den proiektua bideragarri egiteko hurrengo urteetara”.

Gainera, proiektu honetara iristeko landu duten elkarlana nabarmendu du: “Elkar Fundazioaren oinarrietan dagoen elkarlanaren bidetik egingo da bideragarri proiektu hau ere, erakutsiaz, beste behin, aurrera egin nahi bada zein garrantzitsua den indarrak batu eta beste eragileekin batera aritzea. Bakoitzak beretik abiatuta, baina soluzioak elkarrekin planteatuz lortuko dugu Usurbilgo Udalak, Michelinek, Gureak-ek eta Elkar Fundazioak ekimen bateratu batekin denon beharrak saiatzen joatea. Elkar hartzeko gai izatea da bidea aurrera egiteko”.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika