Gureak-eko planta berrian 121 langile ari dira dagoeneko

Nov, 2018

Gureak Taldeak Candy izandako eraikuntza guztia eskuratu eta dagoeneko planta berria martxan jarri du. Bertan automozio alorrerako lanean dabiltza, kableen alorrean.

Planta honen helburua da, Gureak-eko guztiak bezala, desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzea. Bertan inbertsio teknologiko handia egin da; izan ere, Gureak-entzat oso garrantzitsua da prozesu eta inguruak langileentzat egokitzea.

Planta berrian kableen alorrean 97 pertsona dabiltza lanean; eta horiek egindako zereginak Gureak-ek Bergaran eta beste hainbat herri zein hiritan dituen beste 800 langileri ematen die lana.

Adar honek aurten 220 milioi kable egingo ditu. Eta Gureak-en helburua da 2019an 345 miloi kable egitera heltzea. Astero lau kamioi betetzen dituzte, eta hiru astetan produktua bezeroaren etxera heltzen da.

Horrez gain, Candy zenaren planta berrian beste 24 langilek prototipoak sortzen dihardute. Eta langileak trebatzeko prozesu formatiboa diseinatu dute enpresan bertan, bederatzi hilabetetan zehar teoria eta praktika uztartzen dituena.

Instalazio handi, moderno eta argitsuak dira Bergarakoak; eta Gureak-ek ohi duen moduan langileek autonomia lantzeko eta bermatzeko diseinatuta daude.

Elena Lete alkateak batzarra egin du gaur Gureak-eko arduradunekin eta enpresaren gaur egungo beharrez zein etorkizuneko anpliazioan izan ahal diren eskaerez mintzatu dira.

Udalarentzat oso garrantzitsua da Gureak-ek planta berria martxan jarri izana, herriariaren garapen ekonomiko eta sozialaren alde beste bultzada esanguratsu bat delako. Era berean, alkateak azpimarratu du gune berri horretan Miguel Altuna Lanbide Heziketa eta Gureak batuta sinergia eta etekin oso emankorrak eman ahal izango direla.

GUREAK enpresa-taldeak desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako lan aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. Bere ibilbidean zehar Europan erreferente bihurtu den inklusio soziolaboraleko eredu enpresariala sortu du. Gaur egun 5.950 pertsonek osatzen dute taldea, horietatik %82k desgaitasunen bat dute. Talde sendo eta dibertsifikatua da eta industria, zerbitzu eta marketineko sektoretan lan egiten du, batik bat. Pasa den ekitaldian 240 MM euro fakturatu zituen eta salmentetatik eratorritako finanzazioa %81koa da.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika