Enplegu inklusiboko Europako plan batek, EHLABEk koordinatua, 2.000 lan-aukera berri sortu ditu desgaitasuna duten pertsonentzat Euskadin

Abr, 2022

Desgaitasuna duten pertsonak enpleguan txertatzeko EHLABE euskal elkarteak Euskadin garatu duen Europako proiektuak lan-aukera berriak sortu ditu, azken lau urteetan, 2.000 gizabanako baino gehiagorentzat. Zehazki, egitasmoaren arduradunek informatu dutenez, onuradun guztietatik, inplikatutako EHLABEko erakundeek hobetu egin dute dagoeneko enplegatuta dauden eta zahartze edo narriadura-prozesua pairatzen ari diren desgaitasuna duten 973 pertsonaren lan-egoera; desgaitasuna duten 625 pertsona prestatu ditu lan-merkatuari aurre egiteko; eta, gainera, 414 lanpostu berri sortu ditu enplegu-jarduera berriak bilatzeari esker.

Proiektuak Aukerability du izena, eta Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan dago. Gaur egun desgaitasuna duten 10.000 pertsona inguru enplegatzen dituzten Gureak, Lanbide Batuak, Katealegaia eta Usoa enpresak inplikatu ditu. Zehazki, EHLABE Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Bereziko Zentroen Elkarteak garatutako proiektuak 8 milioi euroko aurrekontua izan du, eta Europako Gizarte Funtsak finantzatu du % 50ean, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien laguntzarekin.

EHLABEko arduradunek diotenez, egitasmoa Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboaren barruan garatu da 2014 eta 2020 artean, nahiz eta egindako ekintzek aurrera jarraitzen duten eta datozen urteetan eragina izaten jarraituko duten. «Honi esker, berritu eta abian jarri ahal izan ditugu proiektu pilotuak, desgaitasuna duten pertsonen enplegagarritasuna hobetu dutenak, Europako Gizarte Funtsaren eta foru-aldundien ekarpenik gabe ezinezkoa izango zena», azaldu du Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzaileak.

Hala, bere hitzetan, desgaitasuna duten pertsonen prestakuntza eta gaikuntza izan da proiektuaren zutabeetako bat, haien enplegu-aukerak handitzeko helburuarekin. Planak prestakuntza dualeko, lan aurreko prestakuntzako edo enpresetan lanekoak ez diren praktiketako programak eskaini ditu, besteak beste. Prestakuntza jaso duten 625 pertsonetatik, %59k enplegua lortu dute.

Lan-aukerak sektore ezberdinetan

Desgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko euskal enpresen elkarteak, gainera, bereziki nabarmendu ditu zahartze- edo narriadura-prozesuak pairatzen dituzten eta lan-egoera galtzeko arriskua duten langile desgaituak. Hala, planak zahartze aktiboko hainbat neurri jarri ditu abian, mugikortasuneko, suminkortasuneko, nekeko edo ahazteko arazoak hobetzeko, besteak beste. Horren guztiaren helburua enplegua eta bizitza autonomoa, autoestimua edo motibazioa mantentzea da. Horrela, desgaitasuna duten 973 pertsonak jarraitu ahal izan dute beren lanpostuetan.

Planak, aldi berean, 414 lanpostu berri sortu ditu desgaitasuna duten pertsonei aukera gehiago eskaintzeko. Hala ere, EHLABEk aurreikusten du Aukerabilityren garapenari esker beste 318 lanpostu sortuko direla 2025erako, 732ra iritsi arte. Hala, proiektuak lan-aukerak eskaini ditu hainbat sektoretan, hala nola hoteletan, biltegiratzean, ekonomia zirkularrean, marketinean, osasunean, logistikan, janariaren banaketan edo maskaren fabrikazioan, besteak beste.

Planak ere bereziki landu ditu emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna. Izan ere, emaitzek baieztatzen dutenez, landutako esparru guztietan, prestakuntza, laneratze eta lanpostu iraunkortasun ratioak oso antzekoak dira emakumezkoen eta gizonezkoen artean.

AukerAbility proiektuak, gainera, zifrak gainditzen dituen inpaktua eragin du ingurunean, EHLABEko koordinatzaileak azaldu duenez. Planak 66 enpresarekin eta 9 administrazio publikorekin aliantzak egitea ahalbidetu du, eta, era berean, desgaitasuna duten pertsonen ikusgaitasuna handitu du, gizartea sentsibilizatu du eta aurreiritziak murriztu ditu, negozioen inpaktu sozioingurumenezkoa sortu du eta desgaitasuna duten pertsonen presentzia handiagoa ematen lagundu du gizartearentzat ikusgarriagoak diren lanpostuetan.

Era berean, inplikatutako enpresek 2,7 milioi euro gehiago inbertitu dituzte prozesu horretan makinak erosteko edo zerbitzu berriak abian jartzeko.

Proiektuak, beraz, lagundu du desgaitasuna duten pertsonen kolektiboan enplegu-zifrak hobetzen, Estatuko langabezia-indizerik txikiena lortzeraino. 2020an, Euskadiko langabezia-tasa % 16,5ekoa izan da, eta Estatukoa, berriz, % 23,9koa.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika