Desgaitasuna duten pertsonentzako enplegua % 5 hazi da 2019an, zentro berezietan nahiz enpresa arruntetan

Jun, 2020

Desgaitasuna duten pertsonen enpleguak gora egiten jarraitu du Euskadin, kolektibo honek laneratzeko dituen zailtasun bereziak gorabehera. 2019an, EHLABE Euskadiko Gizarte Ekimeneko Enplegu Bereziko Zentroen Elkartean bildutako enplegu-zentro bereziek 128 pertsonako hazkundea izan zuten (% 1,6 gehiago) eta beste 205 pertsona enpresa arrunteko jardunean hasi ziren; beraz, guztira, 333 lanpostu berri, aurreko urtean baino % 5 gehiago.

Horrela, 2019an, lehenengo aldiz, enplegu-zentro bereziek 8.000 langile baino gehiago bildu zituzten, 8.229 lanpostura iritsi zirelarik. Kopuru horiez gain, azken urtean, Sutargi enpresa sartu da EHLABEn, eta horrenbestez, elkarte honek 14 erakunde eta ehundik gora enplegu-zentro biltzen ditu dagoeneko, Euskadiko lan-enpresa berezien % 95 baino gehiago, alegia. Gainera, elkartea osatzen duten enpresek 366 milioi euroko fakturazioa izan zuten 2019an

Hazkundea izan da joera nagusia azken urteotan. 2011z geroztik, desgaitasuna duten pertsonen enpleguak % 38ko igoera izan du gizarte-ekimeneko EZBetan. Euskadin, urte hartan, kolektibo honek 5.964 lanpostu zituen erakunde horietan, eta egun 8.000 lanpostu baino gehiago ditu.

Horiexek dira, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Txema Franco EHLABEko presidenteak eta Pablo Moratalla elkartearen koordinatzaileak ostiral goizean aurkeztu zuten EHLABEren 2019ko balantzean bildutako ondorio nagusietako batzuk.

Hala ere, pandemiak sortutako krisiaren eraginez, EHLABEko enpresek lan-estrategiak birbideratu behar izan dituzte. “Sektoreak enplegua sortzen jarraitu du etenik gabe, baina pairatzen ari garen krisi ekonomiko eta sanitarioak inpaktu ekonomiko eta sozial handia izango du gure erakundeetan”, EHLABEko presidentearen esanetan.

Ildo horretan, Euskadiko gizarte-ekimeneko enplegu-zentro berezien oraingo lehentasunak bi norabidetara zuzenduta daude: pandemiari eusteko beharrezko neurriak hartzen jarraitzea, erakundeetako langile guztien osasuna bermatuz, eta desgaitasuna duten pertsonen enpleguaren suntsipena saihestea, Txema Francok azpimarratu duenez.

Ildo beretik, Artolazabalek adierazi duenez, "Eusko Jaurlaritzak enplegu babestuari eusten eta desgaitasunen bat duten pertsonen kolektiboaren laneratze maila altuak sendotzen jarraituko du, elkarrekin lan eginez".

Laguntza-premia handiagoak

Gainera, azken urteotan sortutako enpleguak desgaitasunen bat izan eta enplegagarritasunerako laguntza-premia handiagoak dituzten pertsonak izan ditu ardatz: gaixotasun mentala, desgaitasun intelektuala edo % 65etik gorako desgaitasun fisiko eta sentsoriala duten langileak.

Horren harira, enplegu-zentro berezietan 2019an sortu ziren 128 lanpostu berrietatik 46 lanpostu kolektibo horri zuzendutakoak dira. Horrek esan nahi du, egun, EHLABEri atxikitako erakundeetako langileen erdiak baino gehiago –% 56 (5.326 langile)– laneratzeko laguntza berezia behar duten pertsonak direla.

Era berean, EHLABEk ohiko lan-merkatu irekian sartzeko aukera eman die desgaitasuna duten beste 205 pertsonari, enplegu-zentro berezietatik kanpo, horixe baita elkarteak landutako beste helburu nagusietako bat. Horietatik guztietatik, 156 desgaitasuna duten pertsonak izan ziren, eta laguntza handiagoa behar izan zuten.

Hartara, pandemiaren ondorioz, EHLABEk ahalegin handiagoa egin nahi du epe laburrean orientazio, prestakuntza zein enpleguaren mesedeko ekintzetan, desgaitasunen bat izan eta laguntza-premia handiagoak dituzten pertsonei erreparatuz eta langileak ohiko enplegura eramateari arreta berezia emanez.

Langabezia-tasa

2019an enplegu-zentro berezietan izandako lanpostuen sorreraren erritmo biziaren ondorioz, ohiko enplegu publiko zein pribatuan sortutakoaz gain, Euskadik Estatuko langabezia-tasarik txikiena izan du desgaitasuna duten pertsonei dagokienez. Egun, EAEko langabezia-tasa % 16,5ekoa da, eta Estatuko batez bestekoa, % 25,2koa. Aldi berean, Euskadiko kolektiboaren enplegu-indizea % 29,3koa da, eta Espainiakoa, berriz, % 25,8koa. EHLABEko presidentearen hitzetan, “desgaitasuna duten pertsonak gizartean eta lan-munduan txertatzeko euskal eredua, Estatu zein Europa mailako erreferentea, bermerik sendoena izango da mundu osoko pandemiak eragindako gizarte eta lan inpaktuari aurre egiteko”.

“Hala ere, oso tasa altua da oraindik tasa orokorrarekin alderatuta, eta ondorioz, murrizteko lanean jarraitu behar dugu”, esan du Francok. Euskadin, azken datuen arabera, lanerako adina (16 eta 64 urte bitartekoa) duten 84.300 pertsona inguru daude; horietatik, 24.600 inguru aktibo daude, eta hirutik batek baino ez du lan egiten enplegu-zentro berezietan.

Gainera, enplegu egonkorra da. Desgaitasuna duten langileen % 75ek kontratu mugagabea du EHLABEko enplegu-zentro berezietan. Izan ere, egonkortasuna ehuneko sei puntu hazi da azken urtean.

EHLABEri atxikitako erakundeetan gertatu den enpleguaren hobekuntza horren arrazoiak industria eta zerbitzu arloetako erakundeen trakzio-jarduerak sendotu izanari lotuta daude, baita dibertsifikazioari eta enplegu-nitxo berrien bilaketari ere, ekoizpen-prozesuen egokitzapenean zein desgaitasuna duten pertsonen prestakuntzan lan handia egin delarik. Esate baterako, osasun-sektorean, turismoan, ostalaritzan, aeronautikan eta logistikan.

Oro har, EHLABEko langileen banaketa orekatua da sektoreen artean. Zerbitzu sektoreari dagokio enpleguen % 41,5, eta industria-sektoreari, % 57,5.

EHLABEk, Euskadin 14 erakunde eta ehun enplegu-zentro baino gehiago atxikiak dituela, Euskadiko enplegu bereziaren aldeko erakundeen % 95 biltzen du. Egun, honako erakunde hauek ditu partaide: Gureak, Sutargi eta Katea Legaia, Gipuzkoan; Lantegi Batuak Fundazioa, Usoa Lantegia, Ranzari Lantegia, Gallarreta Lantegiak, Bidaideak, Bizgorre, Eragintza Fundazioa, Apnabi eta Rafaela María Elkartea, Bizkaian; eta Indesa eta RAEP, Araban.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika