2019AN LANTEGI BATUAK ERAKUNDEAK 127 LANPOSTU SORTU ZITUEN BIZKAIAN, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAT

Feb, 2020

Lantegi Batuak enpresak 127 lan aukera berri sortu zituen pasa den urtean, Bizkaian, desgaitasuna duten pertsonentzat. Lanpostu horietako 55 enpresa arruntetakoak izan dira. Zifra horiek bereziki adierazgarriak dira lan merkatura sartzeko zailtasun handiak dituzten pertsonez ari garela kontuan hartzen badugu; izan ere, pertsona horien langabezia tasa ehuneko 16tik gorakoa da lurraldean.

Orotara, 2019ko abenduaren 31n, 3.188 pertsona biltzen ziren Lantegi Batuak-en barruan (% 36 emakumeak eta % 64 gizonak); horietatik % 82 desgaitasunen bat dutenak. Gizarteko ekonomia arloko erakunde honek 73 milioi euroko fakturazioa lortu zuen 2019an, ehuneko 80ko autofinantzaketa bolumenarekin, eta sektorekako dibertsifikazio-prozesuan sakontzen eta zerbitzu eta teknologia anitzeko eskaintza handitzen jarraitu zuen.

Oihanek 24 urte ditu eta Lantegi Batuak enpresan lanean hasi den pertsonetako bat da. Getxoko zentroko harreran dabil. “Hiru hilabete daramatzat hemen. Oso gustuko dut lana, baina batzuetan gogorra egiten zait, oraindik ere asko baitut ikasteko. Zerbitzu okupazionaleko erabiltzaile gisa hasi nintzen Lantegi Batuak-en, Etxebarrin eta Loiun”, esan digu. Administrazio arloko prestakuntza jaso ostean, Lantegi Batuak erakundearen Lan Eskola programaren bidez, Loiun kontratatu zuten administrazio lanak egiteko. “Hilabeterako joan nintzen eta zazpi hilabete egon nintzen, azkenean. Ondoren, Getxoko harrera proposatu zidaten. Erronka handia zen jendaurrean egotea, baina ausartu egin nintzen”. Prestakuntza prozesua oso garrantzitsua izan da berarentzat: “Administrazioari buruz ikasitakoaz gain, asko baloratzen dut jasotako babes emozionala. Laguntza eta animoa jasotzen dut oraindik ere”, esan digu.

Enplegu arruntari dagokionez, 2019an gurekin kontratatu duen Bizkaiko enpresetako bat Grupo Ansareo taldea izan da. Suteen aurkako ekipamenduen, eta presio eta ponpaketa ekipoen salmenta, instalazio, mantentze, konponketa eta alokairuaz arduratzen da.

Han dabil Nuria, 36 urtekoa. Bere lehenengo lan esperientziak enpresa arruntetan izan zituen, baina ez zuen espero zuen egonkortasun eta jarraitutasunik aurkitu. Horren ostean, Lantegi Batuak-en Getxoko zentroan lan egin du, hasieran Dokumentuen Kudeaketa, eta, ondoren, harreran.

2019ko urrian Grupo Ansareo erakundean lan egiteko aukera sortu zen. Elkarrizketa ondo prestatu zuen, Lantegi Batuak-eko lan prestatzailearen laguntzarekin, eta hautatu egin zuten. 2019ko azaroan hasi zen lanean. Bere egiteko nagusia deiak hartzea da. “Horietako asko matxura-abisuak dira; nik oharrak jaso eta dagokionari mezua pasa behar diot. Bertaratzen diren pertsonei ere arreta ematen diet, mezu elektronikoak bidaltzen ditut, eta posta eta barne-bidalketak jaso eta banatzen ditut. Une jakin batzuetan artxiboen kudeaketan ere laguntzen dut eta material eskaera edo bidalketak kudeatzen ditut”, esan du.

Nuria oso eskertuta dago “Lantegi Batuak erakundearen Lagundutako Enplegu Programarengandik jasotako laguntzagatik”. Enpresan ondo hartu dutela eta integratuta dagoela sentitzen du. “Enplegu arruntean lan egiteko gogoa nuen, eta ikasitako guztia praktikan jartzeko. Nire buruari eta ingurukoei erakutsi nahi izan nien gai naizela. Eta nire egoera ekonomikoa hobetu, nire kabuz bizi ahal izateko”, esan du, amaitzeko.

Mónica Álvarez, Grupo Ansareo taldeko Giza Baliabideetako zuzendariak, zera esan digu: “Nuriaren eraginkortasuna eta arazoak konpontzeko gaitasuna nabarmendu nahi ditugu. Lehen egunetik saiatu da erakundearen kultura eta balioak ezagutzen, eta horiek praktikan jartzen ditu. Komunikazio gaitasuna eta gaitasun sozial onak ditu. Egoera berrietara egokitzeko eta taldean lan egiteko trebetasuna ere badauka. Egokitzapen-prozesua arina eta erraza izan da. Lehen egunetik freskotasuna ekarri dio gure erakundeari.

Lantegi Batuak-ek desgaitasuna duten pertsonek enpresa arruntetan lan egiteko prozesua bultzatzen du, Lagundutako Enplegu Programaren bidez. Horren barruan, aholkua ematen die enpresei desgaitasuna duten pertsonen kontratazioaren inguruan; administrazio publikoan laguntzak tramitatzeko erraztasunak ematen ditu; lanpostuari buruzko azterketa egiten du; hautaketak egiten ditu; eta langilearen prestakuntza eta jarraipenaz arduratzen da. 2019an 55 pertsona kontratatu ziren enpresa arruntetan. Horietatik 31 adimen-desgaitasuna duten pertsonak dira; gainerako 24ek beste desgaitasun mota batzuk dituzte.

Industria arloa sendotzea eta prestakuntzaren aldeko apustua egitea

Lantegi Batuak erakundeak beste zentro bat ireki du 2019an, 4 milioi euroko inbertsioa eginda. Sestaon dago kokatua, eta ekipamendu elektriko, kableatu, eta zirkuitu elektronikoen fabrikazioan espezializatua dago. Sestao Berrik energia sektoreko balio-kate osorako produktu eta konponbideak eskaintzen ditu: sorkuntza, kontrola, banaketa elektrikoa, energia berriztagarrietarako ekipamendua eta sare adimendunak.

Prestakuntza Lantegi Batuak-en oinarrietako bat da. Horri dagokionez, urte osoan 57.800 ordu baino gehiago bideratu ziren prestakuntzara, aurreko urtean baino % 18 gehiago. Gainera, 78 pertsonak lortu zuten beren espezialitateari dagokion esperientzia profesionalaren errekonozimendua.

Bestalde, Lantegi Batuak-ek badauka enplegagarritasuna sustatzeko prestakuntza programa bat, Lan Eskola, eta horren barruan enplegura bideratutako oinarrizko prestakuntza profesionalerako zazpi ikastaro eman ziren, garbiketa, lorezaintza, administrazio zerbitzu, muntaketa elektriko, fabrikazio mekaniko edo ekipo elektriko eta elektronikoen mantentze-lanerako. Prestakuntza hori jaso dutenak desgaitasuna duten eta langabezian dauden pertsonak izan dira, batez ere. Pertsona horien % 40k baino gehiagok beren lehenengo lana lortu dute.

Aldi berean, Ikaslan, lanbide prestakuntzako zentro publikoen sarearekin, lankidetza-akordio bat sinatu zen pertsonen enplegagarritasuna eta prestakuntza sendotu eta hobetzeko, eta beka-deialdi berri bat abiatu zen desgaitasuna duten ikasleentzat, EHUrekin, Deustuko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Errioxako Nazioarteko Unibertsitatearekin elkarlanean.

Kudeaketa aurreratuaren errekonozimendua eta sortutako balio erantsiaren azterketa

2019an Lantegi Batuak erakundeak Euskalitek emandako Kudeaketa Aurreratuaren Urrezko Errekonozimendua lortu zuen. Kudeaketa aurreratuena duten eta interes-talde guztien (bezeroak, pertsonak, sektore publikoa eta gizarte osoa) asebetetzea bilatzen duten erakundeak saritzen ditu.

Bestalde, kontabilitate sozialaren azterketaren arabera, EHUrekin eta Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean garatua, Lantegi Batuak erakundeak Bizkaian izandako balio sozial integratua 207 milioi eurokoa izan zen. Horrek esan nahi du inbertitutako euro publiko bakoitzeko, gizarteak 13 jaso zituela.

Kontabilitate eredu honek, zuzeneko eta zeharkako balio sozio-ekonomikoaz gain, Lantegi Batuak-ekin lan egiten duten interes-taldeekiko eragina jasotzen du (gizartea, langileak eta beren familiak, administrazioak, industria sarea, eta abar).2020ko helburuak eta zentro berriak

Adimen-desgaitasuna duten pertsonak enpresa arruntetan laneratzea eta enplegua mantentzea, kudeaketa hobetzea, bezeroarenganako orientazioa are gehiago markatzea, eta errentagarritasun eta iraunkortasuna etengabe bilatzea izango dira Lantegi Batuak-en 2020rako erronka nagusiak.

Horiek lortzeko, erakundeak dibertsifikazioaren eta berrikuntzaren alde egiten jarraituko du, bere zerbitzuen lehiakortasuna hobetzeko inbertsio-ahalegina mantenduz.

Industria arloari dagokionez, 2020a urte garrantzitsua izango da, izan ere, kableatuetan espezializatutako zentro berria (Elekbarri) eta logistika jarduera eta berrantolakuntza jardueren Abadiñoko zentro berria irekiko dira, metalaren eraldaketa arloan teknologia berriak barneratuz.

Webgune honek gure cookie-ak eta hirugarrenenak erabiltzen ditu zure nabigazio egokitzeko eta analitika lanak egiteko. Jarraituz gero, ulertzen dugu erabilera onartzen duzula. Cookie-en politika